ISTORIO

DONOSTIA

ESKOLAREN HISTORIA

Koruko Ama Birjinaren Schola Cantoruma, 1976. urtean KORUKO AMA BIRJINAREN ESKOLA izena hartu zuena, eta gaur ESKOLA izen arruntarekin ezaguna dena, 1940. urte hasieran sortu zuen JUAN URTEAGAK. Elkarte honen lehen emanaldia 1940. urteko Aste Santuko ekitaldietan izan zen. Gauzak horrela, 1940ko apirilak 10 hartzen da ESKOLAren sortze datatzat.

Lehen urteetan, Schola Cantoruma eliza musikari eskainia zegoen. Arlo horretan, bere arrakastarik handiena Aste Santuko Pasioaren Irudiak izan ziren. Emanaldi hauek Aste Santuan ez ezik, Eguberritan eta Gran Kursaaleko eszenatokian eskaini ziren. Ikuskizunaren kalitatea zela eta, Irudi hauek estatuko beste hiri batzuetan (Madril, Leon, Bilbo, Gasteiz,…) eskaintzeko kontratatua izan zen.

50. hamarkadan hasi zen Dantza Taldea emanaldiak eskaintzen, abesbatzarik gabe, zenbait herritako jai-batzorde eta udalen eskaerei erantzunez. Taldeak, bere emanaldiak zaindariaren egunean edo jaialdietan egiten zituen. Hala ere, Dantza Taldeak eta Abesbatzak elkar lanean jardun zuten zenbait opera eta emankizun prestatzen. Horien artean aipatzekoak dira: Amaia, Txanton Piperri, Oleskari Zarra, Anbotoko dama, eta abarretan egindako lana. Aipatzekoak da ere, Jesus Guridik, obraren autoreak, zuzenduriko Amaia operan parte hartu zutela 1952. urtean.

Hurrengo urteetan Euskal Herrian emanaldiak ematen dituzte, nahiz eta noizean behin nazioartera irtenaldi batzuk egiten dituzten. Garai honetan, ikerketa lan gogorraren ondorioz, euskal dantza tradizionala berreskuratzen hasten da, horretarako Euskal Herriaren txoko eta bazter guztietan barna ibili ziren, dantza talde nahiz herritarrekin hitz eginez eta inguruko pauso eta erritmoak ikasiz, honela gure herriko kultura mantentzeko.

1983. urtetik aurrera, herri-folklorea beste era batera aurkezteko beharra ikusten dute, horretarako izaera eszeniko bat emanez, hori bai, erroak galdu gabe. Hau guztia eta euskal gaitan oinarrituriko koreografiak izan dira ESKOLA gehien nabarmendu duten alderdiak, bai nazioartean eta bai nazioan ere.

1990. urtean bere sorreraren 50. urteurrena ospatu zuen, eta hori dela eta liburu bat argitaratu zuen. Bertan, Eskolaren historia luzean gertatutakoak biltzen dira. Era berean, Eskolak bi ekitaldi nagusi eskaini zituen Donostiako Victoria Eugenia antzokian, urte askotan arrakasta handien gune izan den horretan. Bertan Udal kontserbatoriko orkestra eta 300 dantzarik parte hartu zuten eta arrakasta itzela izan zen.

NOR GARA

Eskola hiru atalek osatzen dute: Abesbatza, dantza taldea eta dantza akademia.

Abesbatza

Eskola Abesbatza 50 ahotsek osatzen dute gaur egun. Errepertorio malgua du abesbatzak, nahiz eta musika herrikoian, folklorean eta polifonian duen bere oinarri nagusia. Pieza klasikoak ere eskaintzen ditu abesbatzak, eta horren adierazle dugu, Donostiako Musika Eskolako orkestrarekin batera 2006ean eskainitako Vivaldiren Gloria piezarekin emandako emanaldiak.

Dantza Akademia

6 eta 14 urte bitarteko gazteentzako dantza akademia bat eskaintzen du Eskolak. Bertan diziplina hau maila gorenera eraman ahal izateko prestatzen ditugu ikasleak

Klase hauetan dantzariak dantzaren ezagutza asimilatzen joaten dira teorikoki eta praktikoki. Horretarako, urtean zehar hainbat jarduera antolatzen dira non beraiek ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsi dezaketen.

Ikaskuntza zikloa amaitutakoan, 14 urterekin, ikasleak Eskola Dantza Taldera, hau da, helduen dantza taldera, pasatzen dira

Ikasleak, hala nahi izanez gero, lehiaketa eta txapelketa modalitate ezberdinetarako ere prestatzen ditugu gure klaseetan

Bere ikasketen gehigarri gisa, ahal den guztietan gure mugetatik kanpora irtenaldi bat egiten dute nazioarteko jaialdiren batean parte hartzeko.

Eskola Dantza taldea

Eskola dantza taldea 1950. urte inguruan abesbatzaren arrakastaren ondorioz sortu zen.
1953. urtetik aurrera, ikerketa lan gogorraren ondorioz, euskal dantza tradizionala berreskuratzen hasi zen, horretarako Euskal Herriaren txoko eta bazter guztietan barna ibili ziren, dantza talde nahiz herritarrekin hitz eginez eta inguruko pauso eta erritmoak ikasiz, honela gure herriko kultura mantentzeko.

1983. urtetik aurrera, herri-folklorea beste era batera aurkezteko beharra ikusi zen, horretarako izaera eszeniko bat emanez, hori bai, erroak galdu gabe. Hau guztia eta euskal gaitan oinarrituriko koreografiak izan dira ESKOLA gehien nabarmendu duten alderdiak, bai nazioartean eta bai nazioan ere.

EMANALDIAK

Eskolaren emanaldiak bi ardatz nagusiren inguruan zentratzen dira gehien. Batetik, euskal dantza tradizionalak eta bestetik koreografiak.

Euskal dantza tradizionala.

Eskolak Euskal Herriko ia dantza talde gehienek bezala euskal dantza folklorikoa, hau da, tradizionala, du oinarrian. Donostiakoa izanda Eskola Gipuzkoako dantza tradizionaletan jorratutako dantza taldea dugu. Bere emankizunetan eskaini ohi dituen dantzen artean ditugu: agurra, desafioa, ezpata dantza, uztai dantza, eta abar.

Gipuzkoakoez gain, Eskolak Bizkaiko Durangaldeko dantzak, Luzaideko inauteria, Xuberoako maskarada eta beste hainbat txokotako dantza tradizionalak eskaini ohi ditu bere emanaldietan.

Koreografia

1983. urtetik gaur arte Eskola koreografiekin ordura arte batere landuta ez zegoen mundu bat jorratzen hasi zen. Tradiziozko pausuetan oinarrituta Eskolak gai edo une konkretuei buruzko dantzak sortzen zituen bere emanaldietan eskaintzeko asmoz.

Eskolako koreografiak hiru gai nagusiren inguruan eratzen dira: batetik, eguneroko bizitza, bestetik, mitologia, eta, azkenik, tradizioa.

1.- Eguneroko bizitza.

Eskolak euskal eguneroko bizitzan oinarrituta bere koreografia propioak ditu, horien artean aipagarria dira Pasaian XVIII. mende inguruan aritzen ziren batelen inguruan sortutako Eusko irudiak koreografia. Bertan Pasaiako arrantzaleen eta bale harrapatzaileen bizitza antzeztea bilatzen du. Egunerokotasunean oinarritutako beste koreografia bat dugu Urketariak. Bertan Donostiako Alde Zaharreko kanoietango iturrian biltzen ziren urketariek, herriko gizonek eta Gazteluan zeuden soldaduen artean garai hartan nola ligatzen zen antzezten da. Gernikako bonbardaketan oinarritutako eta Sorozabalen musika duen Gernika pieza, eta abar.

2.- Mitologia.

Euskal mitologia koreografietarako iturri oparoa izan da Eskolan. Gure koreografia esanguratsuenen artean ditugu antzinako garaiko sorginek beren akelarretan oinarrituta egindako arin-arina, edo txalaparta komunikatzeko erabiltzen zen garaian oinarritutako eta Mikel Laboaren musikak inspiratutako Baga Biga dantza, edo Nafarroako erreinuaren garapenean eta askatasunean oinarritutako Hirugarren hegoa koreografia.

3.- Tradizioa.

Euskal tradizioan emakumeak oso oihartzun txikia izan du betidanik, eta askotan protagonismo urria izan dute dantza ikuskizunetan. Hori dela eta, Eskola koreografiez baliatu da neskari euskal folklorearen barruan behar duen lekua emateko. Koreografia esanguratsuen artean ditugu Nesken fandangoa, bi taldetan ea nork gehiago ahal duen jakin nahian neskek bakarrik dantzatzen duten fandango ezberdinen segida bat, Sorozabalen Maite pieza ezagunean oinarritutako bi neska talderen arteko lehia, arin arina, eta abar.

Eskolako emanaldia guztiak ez dira berdinak izaten. Taldea leku eta une konkretuei lotu nahi izaten dugu. Horregatik, askotan emanaldi pertsonalizatuak eskaini izan ditugu.

ZER ESKAINTZEN DUGU

Eskolaren lan-eremua zabala da. Hauexek dira Eskolak lan egiten dituen eremuak:

Emanaldiak

Emanaldi horiek kontratugilearen eta eskolaren artean hitzartuak izaten dira. Ohiko emanaldiak 1.30ko iraupena izaten du eta, bertan, lehen aipatutako atal guztietako adibideak eskaintzen dira: Luzaideko eta Xuberoako inauteria, Gipuzkoako dantza tradizionalak, Bizkaiko

Durangaldeko dantzari dantza, nesken fandangoa, Pasaiako arrantzaleetan oinarritutako
Eusko Irudiak, eta abar.

Kongresuak

Eskolak hainbat arlo ezberdinetako kongresuetan dantza-saioak egin ohi ditu. Batzuetan sarrera moduan agurra, beste batzuetan, afal aurretik 20 bat minutuko saioak, eta abar. Saio hauek kontratugilearen eskakizunen eta lekuaren egoeraren arabera diseinatu ohi dira.

Ezkontzak

Bikote ezkonberria elizatik ateratzean dantzari talde batek agurra dantzatu ohi die agur eta ohore moduan. Saio hauek barruan ezpata dantza dantzatuz osa daitezke.

Haur dantza taldea

Eskolak haur dantza talde bat du. Dantza talde honek urtean zehar hainbat emanaldi eskaintzen ditu Euskal Herriko hainbat tokitan. Horretaz gain, atzerrian ere ibiliak dira. Bere emankizunen artean aipagarriak dira emanaldiez gain, ezkontzetan, jaunartzeetan edo bataioetan egindako agurrak. Haurrak helduak bezala meza bukaeran, eliza atarian, beren emanalditxoa eskaintzen dute ezkonberri/bataoiberriaren omenez.

Abesbatza

Eskolako abesbatza tradizio handiko abesbatza dugu Donostian. Euskal folklorean oinarritutako errepertorioaz gain, beste hainbat eremutako piezak eskaini ohi ditu.

IRUDI GALERIA

ESKOLA DANTZA TALDEA Aldapeta, 16 bis behea (Villa Esmeralda)
20009 Donostia

TLF: 943 468 550

MUG: 607 627 172

Haur akademiako mug: 671 069 154

WEB ORRIA: www.eskola.eus

E-maila: eskola@euskalnet.net

2005eko egitarauaren bideo erakusgarria:

Argazki bilduma:

2009ko egitarauaren argazki bilduma:

Gernika koreografiaren bideoa: